El blog de mi equipo | Nire taldearen Bloga


KANPAINAK AURRERA JARRAITZEN DU. ATZO EIBARREN IZAN GARA.
febrero 22, 2009, 11:20 am
Filed under: Mª Eugenia Arrizabalaga

eugenia_arrizabalagaEgunero gabiltza hautagaiak Gipuzkoako herrietan zehar EAJ-ren aldeko eta, zalantzarik gabe, Lehendakaritzarako hautagairik onena, gure kandidatoa, Juan Jose Ibarretxeren aldeko kalez-kaleko kanpaina egiten.

Atzo goizean Eibarren izan gara, Txaltxa-zelai inguruan, aipatu mezua zabaltzen.

Eguardiko hamabietan berriz, Coliseo aretoan mitina izan dugu. Hiru hizlari: EBB-ko lehendakaria, Iñigo Urkullu, GBB-koa, Joseba Egibar, eta amaitzeko, Ibarretxe Lehendakaria.
Sartzerakoan, eta irtetzerakoan, ezker abertzale ilegalizatuaren ordezkaritza azaldu zaigu, aurreko espaloitik beren kontsignak ohiukatuz. Dena esatekotan, ez oso talde haundia.

Urkulluk Ibarretxe aurkeztu du hautagairik onena bezala. Ibarretxek duen esperientzia eta hain nabarmenki agerian utzi duen kudeaketarako gaitasuna azpimarratu ditu… López-en curriculum ezaren aurrean. Eta, publikatzen ari diren inkesten emaitzei buruz ikusiko ez ditugun titularrak aditzera eman dizkigu. Ez ditugu ikusiko komunikabideek gorde egingo dituztelako, noski: «PSEk eta PP-ek, ilegalizazioak medio, erabateko gehiengoa lor dezakete» edo beste hau: «PP-ek bermatuko du López-en aukeraketa». Horregatik, Urkulluk behin eta berriz eskatu digu datozen egunotan, erne eta bizi ibili gaitezela eta hori gerta ez dadin guztiok lana egin dezagula.

Ondoren Egibarrek hartu du hitza eta bertan zegoen giroa astindu du «dinosaurioen etorrera» iragarriz, sozialistek Patxi López-en laguntzan Zapaterorekin konformatzen ez, eta Felipe Gonzalez ekarri behar omen dutela eta; esan duen bezala, transizio garaian, Eibarko Astelena frontoian «Gora Euskadi Askatuta!» ohiukatu zuen Gonzalez bera, eta ustelkeria eta gerra zikinaren artean amaitu zuena. Krisi ekonomikoaren kudeaketa ezin eskasagoa leporatu die sozialistei Españan, eta zentzu horretan «sozialista batek baino gehiagok bere botoa Ibarretxeri emango diola» ere ziurtatu du. Hala ere aitortu digu ezker abertzalea bazterrean utzita, alderdi españolek gehiengoa lor dezaketela eta horrek kezkatzen duela, «Abertzale den inork ezin dezakeelako esan Euskadiko Lehendakaritzan berdin diola Ibarretxe edo López egon», joan den egunean Otegik hori esan bazuen ere. Joseba Egibarren esanetan ezker abertzaleak dabilkin «zenbat eta okerrago, hobe» ideia maltzurra ez da horrela, «zenbat eta okerrago, okerrago» baizik. Eta martxoaren 2an izan daitezkeen damuak ez dutela ezertarako balioko akordarazi du. Beraz, martxoaren 1ean denok Ibarretxeri botoa.

Eta, azkenean, Lehendakaria bera izan dugu esatari. Sozialisten iruzurra agerian utzi du, beren proposamenak ez direla fidagarriak esanez. Atzo Zapaterok eta López-ek esan omen zutena komentatu du: López Lehendakari bada bakea lortuko duela, eta, besteak beste, gazteentzat lana ekarriko duela. «Baina ez kasu batean eta ez bestean ere, ez dute azaldu hori nola lortuko duten» esan du Ibarretxek. Aitzitik, galdera bat bota die sozialistei: Euskadin horrelako emaitzak lortzeko formulak baldin badituzte, zergatik ez dituzte bada aplikatu jada Estatuko gainontzeko lekuetan?. Ibarretxek azpimarratu du orain artean eginiko politika zintzoaren ondorioz «itxulapikoa» puzkatzeko gaitasuna dutela euskal erakundeek krisiaren aurrean neurriak hartu ahal izateko, zor publikoa Españakoa baino sei aldiz txikiagoa izanik. Horren adibide, gizarteratze lan-programa berritzaile bat iragarri du, datozen urteetan oinarrizko errenta kobratzen dutenen artean 12.000 lagun lan-munduan txertatu asmoz.

Publicado por: Mª Eugenia Arrizabalaga